Mostrando entradas con la etiqueta Multimedia testuen estrategia linguistikoak. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Multimedia testuen estrategia linguistikoak. Mostrar todas las entradas

2011/02/16

Argia.com

             Aurreko post-ean  aipatutako hedabideen artean Argia dago. Euskal proiektu editorial sendoa dugu Argia, produktu anitz eskaintzen dituena. Zalantzarik gabe guztien artean garrantzitsuena Argia astekaria da, Euskal Herri mailan euskara hutsean argitaratzen den informazio orokorreko aldizkaria, irakurle gehien dituen euskarazko astekaria. Argia astekariak gaurkotasun gaien jarraipen zehatza egiten du. Elkarrizketa, kronika, iritzi artikulu, erreportajeen… bitartez gai ugari lantzen du kazetaritzako estilo desberdinak erabiliz, beti ere, publiko zabalaren interesak uztartuz. 

             Paperezko formatua ardatz izanik, urteak joan dira Internet-en Argia.com ataria jaio zenetik. (1997. urtean abiarazi zuten Interneteko bertsioa Sareko Argia izenpean) Gaurkotasun gaiek ematen digute ongietorria bertan. Atariak eduki anitz biltzen du sail desberdinetan, informazioa, bereziak, multimedia edukiak, Argiako blogak, aisiarako proposamenak, zerbitzuak …
            Sortzez euskaraz komunikatzeko nahia eta euskaldunari kazetaritza proiektu sendoak eskaintzeko borondatea du Argiak gaur egun helburu berdinari eusten diolarik.

                  Argia sakonkiago ezagutu nahi baduzu, hemen aukera hedabide honen inguruan egindako analisia eskuragarri baituzu.

Euskarazko hedabideak beste jauzi baterako ordua

            Gaur egun 400.000tik gora biztanlek kontsumitzen dituzte euskarazko hedabideak, 2008ko Eusko Jaurlaritzaren ikerketa baten arabera. Euskal hedabide gehienen helburua,  hiztun komunitateak bere burua euskaraz islatua ikusteko eskubidea bermatzea da. Zoritxarrez eskubide hori kinka larrian dago euskal hedabide askok bizi duten egoera latza dela eta. Horrela adierazi zuten pasa den astean 60 euskal hedabide ez publiko inguruk "Euskarazko  hedabideak beste jauzi baterako ordua" izeneko editorial bateratuan.  Bertan herri erakunde publikoen sostengu eta babes handiagoa errebindikatu dute bizi duten egoerari aurre egiteko. 
Argitaratu zenetik,  beste 30 bat hedabidek atxikimendua adierazi diote testuari. Atzo 80 euskal komunikabide inguruk agerraldi kolektiboa  egin zuten Donostian aldarrikapenak gogoratuz.  Datozen hilabeteetan erakunde eta alderdi politikoetako ordezkariekin biltzeko asmoa dute  sektorearen berri  eman eta akordio eta politika zehatzak adosteko helburuz.
Ondo pentsatuta, euskal hedabideetan euskara bultzatzeko estrategiak zehaztu eta ezartzeko Eusko Jaurlaritzak agertzen duen nahia eta horretarako baliabideak gero eta gehiago murriztea ez da koherenteegia ezta?

Agiria sinatu duten komunikabideak:

2011/01/28

Euskal Herrian Euskaraz; Euskal Herri euskaldun eta burujabe baten alde!

Sasi guztien gainetik euskaldun eta burujabe! lelopean Euskal Herrian Euskaraz elkarteak manifestazio nazionala deitu du otsailaren 12rako Donostin. 

Gogoratu dutenez, Euskal Herriko biztanleen laurdenak baino ez daki euskaraz . Mendeetako asimilazio prozesuaren ondorioz euskal hiztun guztiak   gaztelera edo frantsez elebidun dira, euskaldun elebakar gisa bizitzea ezinezkoa bihurtu delarik. Hori dela eta, garenari eutsi beharra aldarrikatu dute,  munduko hizkuntza eta kultur aniztasunaren ondareari euskararen herriak bere-berezko ekarpena egiten jarrai diezaion.
Manifestazioaren lelo berbera duen manifestuan bildu dituzte aldarrikapen hauek.  Bertan ere adierazi dutenez, kontzienteki edo inkontzienteki gure eguneroko hizkuntza praktika sumisoa bilakatu da. 
Hori dela eta, praktika burujabearen aldeko hautua indartzeko beharra  agertu dute. "Zazpi euskaldun + erdaldun bat = zortzi erdaldun ekuazioarekin amaitu eta euskaraz bizi den herria nabarmentzea ekarriko duen praktika" hain zuzen ere.
Horretarako, norbanakoaren determinazioa ezinbestekotzat jotzen dute beti ere dimentsio kolektiboa kontuan hartuz. EHE-ren aburuz euskal komunitateak egin behar du euskaldun burujabe bizitzearen alde. 

Herritarrek Euskal Herrian Euskaraz-en web gunean eman diezaiokete atxikimendua manifestuari. 
Manifestazio egunean gainera, EHEren sortzaileetako bat izan zen Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi idazlea omenduko dute. Protesta arratsaldeko 17etatan abiatuko da  Donostiko Bulebarretik.

2011/01/24

Korrika 17 heldu bitartean... Korrika Kulturalaz gozatu euskalakari!

17. Korrika gero eta hurbilago dago...  Bi hilabete barru, zehazki apirilaren 7an, Euskal Herriko korrikarik maitatuena Arabatik, Trebiñutik abiatuko da  eta ez da geldituko apirilaren 17an Donostira heldu arte.

Bitartean pazientzia gutxikoak... lasai!!  Izan ere ostiralean  Aizoain-en ospatuko den Nafarroako Korrika galak 17. Korrika Kulturalari  hasiera emango dio.

Edurne Brouard  Korrikako arduradunak  azaldu bezala,  hainbat jenderen «esfortzu militantea» saritzeko  kultur emanaldi ugari eskainiko dira Korrika Kulturalean. Zalantzarik gabe, Goseren kontzertuak izango dira protagonista. Izan ere, euskal talde honek egin du aurtengo abestia eta jarraian ikusgai dagoen bideoklipa Igor Elortza bertsolariarekin elkar-lanean  jaio da.   


Kontzertuez gain, hainbat antzezlanen estreinaldiak eskainiko dira. "L.K.M", "Xentimorik gabe", "Sekula bai", "Hilezinak", "Hura ez da lekua"... zerrenda luzeari Koldo Ameztoi ipuin kontalariaren  "Biribilketa" lan berria edo  Pirritx, Porrotx, Marimotots eta Irrien Lagunen "Pupu eta lore" ikuskizuna gehitu behar zaio.

Gainera, aurten estreinakoz bi lehiaketa antolatu dira, Euskalaklip  eta Euskalaketa. Bideo laburren sariketa da bata, eta bakarrizketena bestea. Lehenengoaren helburua  17. Korrikaren leloa, Maitatu, ikasi, ari... euskalakari, ahalik eta gehienen zabaltzea da. Lanak otsailaren 25era arte aurkeztu ahalko dira.

Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin batera antolatutako Euskalaketa lehiaketak berriz, euskarazko antzerkia sustatzeaz batera, antzerkigile amateurrei bultzada ematea du xede. Apirilaren 17an Donostian ospatuko da finala herrialdekako kanporaketen ostean.

Adi euskalakari Korrika hemen da eta!


 hil

2011/01/23

Jon Juaristi Jaurlaritzako Euskararen Aholku batzordeko kide izendatzeak haserrea eragin du


Eusko Jaurlaritzako Kultura sailak abenduan izendatutako Euskararen Aholku batzordeko kideen artean  Jon Juaristi idazlea  dago. Juaristi ezaguna da abertzaletasuna eta euskararen kontra behin baino gehiagotan agertu duen  jarreragatik. Hori dela eta, bere izendapenak kritika ugari eragin ditu.Sustatu.com atarian Juaristik egindako adierazpen batzuk jaso dituzte eskuratutako kargua eta bere pentsaera oso kontrajarriak direla frogatuz:
  • "El euskera no ha servido como vehículo cultural"
  • "El euskera para mi es un idioma del pasado"
  • "Obviamente las lenguas no matan, pero se mata  en nombre del euskera"

Eusko Alkartasunak bere aldetik Juaristiren izendapena bertan behera usteko eskatu dio kultura sailburuari.  Juanjo Agirrezabala legebiltzarkidearen esanetan  “sarkasmo hutsa da euskara sustatzeko mandatua ematea Euskal Herriko berezko hizkuntza publikoki iraindu eta mespretxatu egin duen idazle bati”.

Gaztetan ETAko kide izandakoa, urteen buruan PPko kide izateko PSOEko militante izateri utzi zion Juaristik. Jose Maria Aznar Espainiako presidentea zeneko garaian Cervantes institutuko burua izan zen, baita  Biblioteca Nacional de Españako zuzendaria ere. 1997-2007. urteen artean Ermuko Foroko kide eta bultzatzailea ere izan zen. Gaur egun Espainiar Nazioaren Defentsarako sortutako Fundazioko Ohorezko Patronatuko kidea da eta ABC egunkari espainiarreko zutabegile izateaz gain, Hezkuntza Aholkularitzako Unibertsitate eta Ikerkuntzako zuzendari nagusia ere bada, Madrileko Autonomia Erkidegoan.

2011/01/16

Arabako Mintza Eguna, Gasteizko kaleetan euskara nagusi!

Aste bat igaro da Arabako Mintza Eguna ospatu zenetik eta oraindik ere arabar askoren ahotan dago. Egun berezia, parte-hartzailea eta batez ere euskalduna izan zen. 

Araban 800 lagun baino gehiagok hartzen du parte Mintzalaguna egitasmoan, horietatik 560tik gora Gasteizen. Programa honek euskaraz egitera ohituak dauden euskaldunak ohitura ez dutenekin elkartzen ditu.  Harremana talde txikietan ematen da (6-7 pertsonetakoak). Taldekideak gutxienez astean behin biltzen dira gogokoena egiteko, kafe bat hartu, poteoan ibili, paseatu... baina hori bai, beti euskaraz. Honez gain, hilean behin  ekintza desberdinak burutzen dira ( mendi irteerak, tailerrak, hitzaldiak...) taldeen arteko elkar ezagutza bultzatzeko,   harreman sare euskalduna ehunduz..

2011/01/12

Iparraldean euskara gaztetzen

Azken 15 urtetan euskarak goranzko bilakaera izan du Euskal Autonomia Erkidegoan.  Nafarroan bere horretan mantendu da eta Iparraldean behera egin du. Horrela jasotzen du Eusko Jaurlaritzak 2006. urtean argitaratutako  IV. inkesta soziolinguistikoak.

16-24 urte arteko gazteak  dira euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen dutenak batez ere (%23,5 EAEn eta %6,7 Nafarroan). Iparraldeko egoera oso bestelakoa da, izan ere,  euskara erdaraz beste erabiltzen duten gehienak 65 urtetik gorakoak dira (% 18,5). 

Datu hauetatik ondoriozta daitekeenez, euskararen egoera Iparraldean nahi baino ahulagoa da eta adineko pertsonen artean erabiltzen da batez ere, ez gazteen artean. Errealitatea hau kezkagarria da oso, izan ere, gaur egun gazteriak darabilen hizkuntza izango da etorkizuneko belaunaldien hizkuntza, beraz horrela jarraituz gero euskarak etorkizun iluna izan dezake. 

2011/01/03

Hilaren 18 eta 19an Espainiako Senatuan euskaraz arituko dira

Estreinakoz urtarrilaren 18an eta 19an erabili ahal izango dituzte senatariek hizkuntza koofizialak, mozioen eztabaidan.
34 senatari nazionalisten ekimenez, Espainiako Senatuak iazko apirilean eman zuen lehen urratsa Estatuko hizkuntza koofizialak erabiltzeko . Senatuan euskara, katalana, valentziarra eta galiziera  erabiltzeko bozketan 134 izan ziren aldeko botoak  eta 122 kontrakoak (UPN eta PPrenak). 

Itzultzaileek hizkuntza koofiziala gaztelaniara itzuliko dute,  alderantzizkoa ordea ez dute egingo, ezta hizkuntza koofizial batetik besterako itzulpenik ere. Guztira 7 interprete egongo dira, hiru katalana eta valentziarrarentzako,  bi euskararako eta beste bi galizierarentzako. Gaienra 400 entzungailu banatuko dira.  Itzulpen lanek 11.950 euro inguruko kostua suposatu dute Senatuaren aurrekontuan eraginik izan ez duen aurrekontu xumea. 

 Informazio gehiago Diario de Noticias de Navarra

2010/12/30

Euskal Herrian euskaraz hitz egin eta jolas… baita Miranda Ebron ere!

 Euskarak mugak gainditzen ditu, euskal komunitatea Euskal Herria baino askoz haratago doalarik.  Egungo errealitateak euskara munduko herrialde desberdin askotan irakatsi eta hitz egiten dela agertzen du eta ez dugu zertan Poloniarantz begiratu behar  adibide bat aurkitzeko. Izan ere, Bartzelona, Madril eta Miranda Ebroko Hizkuntza Eskoletan euskara ikasteko aukera dago. Azkenengoa barrutik ezagutu ahal izan dut,  ateak ireki nahi?

2010/12/23

Zinema euskaraz nonahi!

Gabon hauetan ez dago aitzakiarik zinemaz euskaraz gozatzeko! 

Izan ere, Zinema Euskaraz programa abian da dagoeneko. Horrela, eitb.com eta kulturklik webguneen bitartez doako euskarazko 30 film baino gehiago streaming bidez ikusteko aukera dago. Honez gain, zinema-aretoetan 20 film euskaraz ikusi ahal dira eta beste 27 DVD formatuan salmentan jarriko dira.

Animazioa, fikzioa, dokumentalak... eskaintza zabala da eta zerrenda luzea: "Aupa Etxebeste", "Obaba""Unibertsolariak", "Ander", "Zorion perfektua" , "80 egunean"... 

 

2010/12/20

Kaosa Europako aireportuetan denboralearen ondorioz

Atzotik elurrak eta hotzak gelditurik dauzka Europako aireportu nagusienak. Egoerarik okerrena Erresuma Batuan dute. Londreseko Heathrow aireportuan gaur ez da hegazkinik lurreratu eta 7 soilik aireratu dira.

Europan aire-trafikorik handiena duen aireportua izanik, Heathrow-ko egoerak arazo handiak suposatu ditu hainbat aireportutan. Frankfurteko aireportuan ehunka atzerapen daude, Frantziako aireportu nagusiko hegaldien %40a bertan behera gelditu da  eta Bruselas-eko airpeortua itxita dago. Italian eta Holandan ere anabasa  da nagusi.