2011/01/24

Korrika 17 heldu bitartean... Korrika Kulturalaz gozatu euskalakari!

17. Korrika gero eta hurbilago dago...  Bi hilabete barru, zehazki apirilaren 7an, Euskal Herriko korrikarik maitatuena Arabatik, Trebiñutik abiatuko da  eta ez da geldituko apirilaren 17an Donostira heldu arte.

Bitartean pazientzia gutxikoak... lasai!!  Izan ere ostiralean  Aizoain-en ospatuko den Nafarroako Korrika galak 17. Korrika Kulturalari  hasiera emango dio.

Edurne Brouard  Korrikako arduradunak  azaldu bezala,  hainbat jenderen «esfortzu militantea» saritzeko  kultur emanaldi ugari eskainiko dira Korrika Kulturalean. Zalantzarik gabe, Goseren kontzertuak izango dira protagonista. Izan ere, euskal talde honek egin du aurtengo abestia eta jarraian ikusgai dagoen bideoklipa Igor Elortza bertsolariarekin elkar-lanean  jaio da.   


Kontzertuez gain, hainbat antzezlanen estreinaldiak eskainiko dira. "L.K.M", "Xentimorik gabe", "Sekula bai", "Hilezinak", "Hura ez da lekua"... zerrenda luzeari Koldo Ameztoi ipuin kontalariaren  "Biribilketa" lan berria edo  Pirritx, Porrotx, Marimotots eta Irrien Lagunen "Pupu eta lore" ikuskizuna gehitu behar zaio.

Gainera, aurten estreinakoz bi lehiaketa antolatu dira, Euskalaklip  eta Euskalaketa. Bideo laburren sariketa da bata, eta bakarrizketena bestea. Lehenengoaren helburua  17. Korrikaren leloa, Maitatu, ikasi, ari... euskalakari, ahalik eta gehienen zabaltzea da. Lanak otsailaren 25era arte aurkeztu ahalko dira.

Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin batera antolatutako Euskalaketa lehiaketak berriz, euskarazko antzerkia sustatzeaz batera, antzerkigile amateurrei bultzada ematea du xede. Apirilaren 17an Donostian ospatuko da finala herrialdekako kanporaketen ostean.

Adi euskalakari Korrika hemen da eta!


 hil

2011/01/23

Jon Juaristi Jaurlaritzako Euskararen Aholku batzordeko kide izendatzeak haserrea eragin du


Eusko Jaurlaritzako Kultura sailak abenduan izendatutako Euskararen Aholku batzordeko kideen artean  Jon Juaristi idazlea  dago. Juaristi ezaguna da abertzaletasuna eta euskararen kontra behin baino gehiagotan agertu duen  jarreragatik. Hori dela eta, bere izendapenak kritika ugari eragin ditu.Sustatu.com atarian Juaristik egindako adierazpen batzuk jaso dituzte eskuratutako kargua eta bere pentsaera oso kontrajarriak direla frogatuz:
  • "El euskera no ha servido como vehículo cultural"
  • "El euskera para mi es un idioma del pasado"
  • "Obviamente las lenguas no matan, pero se mata  en nombre del euskera"

Eusko Alkartasunak bere aldetik Juaristiren izendapena bertan behera usteko eskatu dio kultura sailburuari.  Juanjo Agirrezabala legebiltzarkidearen esanetan  “sarkasmo hutsa da euskara sustatzeko mandatua ematea Euskal Herriko berezko hizkuntza publikoki iraindu eta mespretxatu egin duen idazle bati”.

Gaztetan ETAko kide izandakoa, urteen buruan PPko kide izateko PSOEko militante izateri utzi zion Juaristik. Jose Maria Aznar Espainiako presidentea zeneko garaian Cervantes institutuko burua izan zen, baita  Biblioteca Nacional de Españako zuzendaria ere. 1997-2007. urteen artean Ermuko Foroko kide eta bultzatzailea ere izan zen. Gaur egun Espainiar Nazioaren Defentsarako sortutako Fundazioko Ohorezko Patronatuko kidea da eta ABC egunkari espainiarreko zutabegile izateaz gain, Hezkuntza Aholkularitzako Unibertsitate eta Ikerkuntzako zuzendari nagusia ere bada, Madrileko Autonomia Erkidegoan.

3. Langaia: Ahozkotasunaren integrazioa multimedia produktuetan (8. zeregina)

Miconek eta Masipek (2008) Recursos multimedia en los cibermedios españoles. Análisi del video en ElPais.com, El Mundo.es, LaVanguardia.es y Libertad Digital lanean agertzen dutenez, Internet erabiltzaileen jarrera baikorragoa da multimedia aroan murgildurik gaudenetik. Honen jakitun dira zibermedioak, beraz  teknologiaren aurrerabideak lagunduta testua, musika eta irudiak uztartzearen aldeko apustu argia egin dute. Uztarketa honetan baina, idatzizko testuak dira nagusi oraindik ere.

2011/01/21

2.Langaia: (5-6 zereginak)

Aitortu beharra dago multimediak izugarri aberastu duela kazetarien jarduna, izan ere, informazioa helarazteko bideak biderkatu dira, kreatibitatera eta ez-ohikotasunera hurbiltzeko aukerak ugarituz Zentzu honetan erreportajea izan da genero irabazlea, jatorriz genero malgua izanik orain sormenari ateak parez pare irekitzen dizkion generoa baita. 

2011/01/19

2. Langaia: Erreportaje multimediaren bereizgarriak (3-4. zereginak)

Ikusi dugunez, ahozko testu bat sortzeko garaian irizpide anitz hartu behar dira kontutan, tartean testua zer genero motatan erabilia izango den. Izan ere, genero guztiek ez dute ahozko testu bera onartzen eta aldi berean genero berdinaren baitan ahozko testu desberdin anitz aurki daitezke. 

Albiste eta kroniketan esaterako honako testuak aurki daitezke; off ahotsa, esatariaren stay-man-a edo lekukoen adierazpenak. Erreportajeetan ere testu hauek aurkituko ditugu baita musikaren letrak ere, musikadun erreportajea izatekotan noski. Elkarrizketetan  kazetariaren galderek eta elkarrizketatuaren erantzunek osatzen dute testua. Iritzi-programa-saila-foroetan moderatzailearen diskurtsoa eta tertuliano edo parte hartzaileen iritziek osatzen dituzte testuak. Ahozko iritzi-artikuluetan aldiz kazetariaren usteekin eratzen da testua.
Inkestetan inkestaren planteamendua egiten duenaren  hizketa eta parte-hartzaileen adierazpenetan identifikatzen dira ahozko testuak. Inkestak gainera albiste, erreportaje edo elkarrizketak girotzeko oso lagungarriak eta ondorioz erabiliak dira, beraz aipatutako generoetan kale inkesta bat egotekotan, inkesta mota baten adibide bat jartzearren, parte hartzaileen adierazpenekin osatutako testua ere identtfikatuko genuke genero hauetan. 
Infografietan  off ahotsak eta musikaren letrekin eratutako testuak ditugu.


2011/01/18

1. Langaia: Testua elementu bizia da ( 1.zeregina)

Post honen bitartez, erreportaje multimedia baten testuinguruan, ahozko testu bat sortzeko eman beharreko urratsak eta horien arabera hartu beharreko erabaki linguistiko- testualak identifikatzea dut xede.  Identifikazio prozesu honetan, ezer baino lehen honakoa hartu behar da kontuan: Genero zehatz bat  abiapuntu izanik, erreportajea alegia, baliabide linguistikoak hasieratik baldintzaturik daudela.  Beraz   erreportajeak baimentzen dituen errekurtso linguistikoak erabili ahalko dira, subjektibotasun edo kreatibitate handiagoz idatzi, esaldi deskriptibo gehiago erabili...  besteak beste.

2011/01/16

Arabako Mintza Eguna, Gasteizko kaleetan euskara nagusi!

Aste bat igaro da Arabako Mintza Eguna ospatu zenetik eta oraindik ere arabar askoren ahotan dago. Egun berezia, parte-hartzailea eta batez ere euskalduna izan zen. 

Araban 800 lagun baino gehiagok hartzen du parte Mintzalaguna egitasmoan, horietatik 560tik gora Gasteizen. Programa honek euskaraz egitera ohituak dauden euskaldunak ohitura ez dutenekin elkartzen ditu.  Harremana talde txikietan ematen da (6-7 pertsonetakoak). Taldekideak gutxienez astean behin biltzen dira gogokoena egiteko, kafe bat hartu, poteoan ibili, paseatu... baina hori bai, beti euskaraz. Honez gain, hilean behin  ekintza desberdinak burutzen dira ( mendi irteerak, tailerrak, hitzaldiak...) taldeen arteko elkar ezagutza bultzatzeko,   harreman sare euskalduna ehunduz..