2010/11/28

El Correo egunkariko hainbat kazetariren blogak aztergai

Azken egunotan Francisco Góngora, Iñigo Gurrutxaga, Rafael M. Mañueco, Iñigo Dominguez eta Mercedes Gallegoren blogetan kuxkuxean ibili naiz. Bostak El Correo  egunkariko kazetariak dira, azken lauak korrespontsalak hain zuzen ere. Bakoitzak El Correoren baitako blog bat kudeatzen du.  Korrespontsalek "El Mundo de cerca" izeneko komunitatearen barneko blogak erabiltzen  dituzte, Gongorak aldiz blog arrunta. Guztien artean azken honek soilik bataiatu du bere bloga "Topo verde" izenarekin.
Korrespontsalen blogetan euren izena agertzen da soilik,  bakoitza non dagoen argitzen  duen esaldi batek lagundurik; Iñigo Gurrutxaga, la vida en Londres, Rafael M. Mañueco, la vida en Moscú, Mercedes Gallego, la vida en Nueva York eta Iñigo Dominguez, la vida en Roma.


"El mundo de cerca" komunitatea:


7 korrespontsalek eta mundutik zehar bizi diren 49 herritarrek osatzen dute  komunitate hau,  blogariak beraz  ez dira soilik El Correoko kazetariak.


Komunitate honetako blogen egitura oso antzekoa da. Blog guztiek hiru sekzio dituzte, hasiera, harremanak eta harpidetza. Harremanetarako internautek formulario bat bete behar dute, ez delako blogaren egileen emailik ematen. Harpidetzari dagokionez, RSS, Blog lines, my yahoo, google reader eta newsgator-en bitartez egin daiteke. 


Iruzkinak egiteko izena ematea derrigorrezkoa da, internautaren identifikazioa derrigorrezkoa da alegia,  baina edozer gauza idatz daiteke, ez dago iruzkinen edukiaren kontrolik. 
Blog guztiek barneko bilatzailea dute, blogaren baitako artikuluen bilaketa errazten duena. Guztietan publizitatea ere aurki daiteke, leiho batean agertzen da eta noizbehinka aldatzen doa.


Honez gain, post-en zabalkundea eskasa da blog guztietan ez dutelako partekatzeko edo lagunei bidaltzeko aukerarik eskaintzen. Bestetik, post-etan tag desberdinak aurki daitezke, Iñigo Dominguez eta Iñigo Gurrutxagaren blogetan batez ere. 


Kategoriei dagokienez, Gurrutxagaren blogean soilik aurki daitezke, 13 zehazki. Beste web orrialde edo blogen loturei heltzen badiogu, Gurrutxagak El Correokoak ez diren blogak gomendatzen dituen bakarra da, gainontzekoek El Correoko berriemaileen blogen berri  ematen dute soilik. 


Egileen profilei helduz, Iñigo Gurrutxagak bere kurrikuluma aurkezten digu baina ez du zehatzen zergaitik sortu duen bloga,  2008. urteko maiatzean sortu zuela jakin badakigun arren.  Iñigo Dominguez-ek hilabete beranduago sortu zuen, 2008ko ekainean, eta bere burua aurkezteaz gain blogaren helburua azaltzen du; egunkarian argitaratu ezin dituen istorioak kontatzeko erabiltzen du bloga, baita zinema italiarrari buruz mintzatzeko ere. Mercedes-ek giza istorioak azalarazten ditu blogean 2008. urteko ekainetik. Mañuecori dagokionez, ezer gutxi jakin daiteke daraman bizitza eta dituen helburuez, profilean bere izen abizenak eta eginkizuna (Moskuko berriemailea)  bakarrik aipatzen  dituelako. Gurrutxagak bezala 2008ko maiatzean sortu zuen bloga.


Eduki grafikoei erreparatuz, blog guztietan argazkiak daude, argazkilariaren sinadura eta argazki oinik gabeak. Ez dute loturarik eta ezin dira zuzenean inprimatu, bai ordea gorde eta kopiatu.  Mercedes Gallegoren blogean izan ezik, gainontzeko berriemaileen blogetan bideoak ere aurki daitezke. Dena den, Gallegok audioak ditu eta besteek ez. 


El Correoko blog arrunta:


Francisco Gongoraren bloga da aztertutako guztien artean desberdinena, izan ere, ez da "El mundo de cerca" komunitatearen baitakoa. Esan bezala Gongorak Topo Verde izena jarri dio bere blogari eta bertan natura ibilbideen berri ematen du, batez ere Araba aldekoak, bera El Correoko Arabako edizioan egiten bait du lan. 2009. urteko martxoan sortu zuen bloga, beraz aztertutako guztien artean gazteena da.  Komunitateko blogetan bezala hiru sekzio bereizten dira blog honetan ere, hasiera, harremanak eta harpidetza.  Argazkiak aurki ditzakegu bertan, ez ordea bideorik zein audiorik. Postetan ez dago tag-ik, ezta publizitaterik ere. 


Gongoraren bloga orokorrean besteak baino umilagoa da baina blog beraren egitura dela eta, ez kazetariaren lanari dagokionez, izan ere, Gongorak Mañueco edo Gallego baino askoz gehiago idazten du. Zalantzarik gabe, Gurrutxaga da ordu gehien ematen dituena bloga hobetzen, egunero elikatzen du eta hori nabaritzen da. 


Azkenik aipatzekoa da  Google-en blogen bilaketa egiterakoan, Iñigo Gurrutxaga eta Francisco Gongoraren blogak soilik aurkitu  izan ditudala. Besteak ez ziren agertzen, beraz, El mundo de cerca komunitatetik bilatu behar izan ditut. Egoera hau blogen arrakastarekin guztiz erlazionaturik dago. Aipatutako bi kazetari hauen blogak besteenak baino askoz gehiago irakurtzen direnez, Google-en aurkitzea errazagoa da.  Arrakasta lortzeko baina, ezinbestekoa da blog eguneratu eta txukuna izatea. Zentzu honetan Gongora eta Gurrutxaga irabazle suertatzen dira. 

No hay comentarios: