2011/01/28

1. zeregina; Euskarazko testuen kalitatea aztergai

2004. urteko Euskararen Aholku Batzordearen txostenean adierazten denez euskarazko testuen kalitatea erabakitzerako orduan zuzentasuna, jatortasuna eta egokitasunari heldu behar zaio. Txostenean jasotzkoari jarraiki, zuzentasunaz aritzean, Euskaltzaindiaren arauen araberako euskarari buruz ari gara,  arau horiek aplikagarriak diren egoera  komunikatiboetan. Ortografia, joskera, ahoskeran… maila askotan daragi zuzentasunak.
Jatortasunari dagokionez, euskararen senaren edo usadioaren araberakoa da euskara jatorra.“Entrenatzailea zirkunstantzia aurpegiarekin atera zen aldageletatik” euskara zuzena izan liteke akaso, baina ez da jatorra. “Entrenadorie halamoduzko aurpegixaz urten zeban bestuarixotik”, aldiz, jatorra da, nazio mailako egoera formaletarako zuzena ez izan arren. Ideala,  zuzena eta jatorra izatea litzateke.
Egokitasunari erreparatuz, bere xederako egokia dena da euskara egokia, hizkuntzaren xedea eragitea da,  Koldo Mitxelenak zioen bezala norberaren baitan eta inorengan eragitea alegia. . Egokitasun kontzeptuan txertatzen da beraz eraginkortasunaren alderdia.

Testuen sorkuntzan eta zuzenketan zuzentasuna da errazen ezar daitekeen irizpidea, aldez aurretik zehaztutako arauak era egokian  jarraituz era zuzenean idatz daitekeelako.  Horretarako zorionez gero eta baliabide gehiago dugu eskuragarri; gramatika eta arauei buruzko baliabideak ( euskaltzaindiaren arauak, Ehulkuren aholkuak...) hiztegiak (Orotariko euskal hiztegia, Sinonimoen hiztegia, Zehazki...) datu base terminologikoak ( Euskalterm, Munduko hizkuntzen izenak euskaraz...)esapide, lokuzio eta esaeraz zaharren  datu-baseak (Euskal lokuzioak, Erabiliren esamoldeak, HABE esapideak eta esaera zaharrak...) izendegiak (Ehu-ren izendegia, euskal onomastikaren datutegia... )...

Era jator eta egokian idazten ari garen edo ez neurtzea aldiz zailagoa da kontzeptu subjektiboagoak direlako.  Zentzu honetan, egokitasuna aztertzerako orduan batzuetan jatortasunak izango du pisu handiagoa eta besteetan zuzentasunak, testuinguruak zehaztuko du balantzaren norabidea.

No hay comentarios: