2011/01/28

Euskal Herrian Euskaraz; Euskal Herri euskaldun eta burujabe baten alde!

Sasi guztien gainetik euskaldun eta burujabe! lelopean Euskal Herrian Euskaraz elkarteak manifestazio nazionala deitu du otsailaren 12rako Donostin. 

Gogoratu dutenez, Euskal Herriko biztanleen laurdenak baino ez daki euskaraz . Mendeetako asimilazio prozesuaren ondorioz euskal hiztun guztiak   gaztelera edo frantsez elebidun dira, euskaldun elebakar gisa bizitzea ezinezkoa bihurtu delarik. Hori dela eta, garenari eutsi beharra aldarrikatu dute,  munduko hizkuntza eta kultur aniztasunaren ondareari euskararen herriak bere-berezko ekarpena egiten jarrai diezaion.
Manifestazioaren lelo berbera duen manifestuan bildu dituzte aldarrikapen hauek.  Bertan ere adierazi dutenez, kontzienteki edo inkontzienteki gure eguneroko hizkuntza praktika sumisoa bilakatu da. 
Hori dela eta, praktika burujabearen aldeko hautua indartzeko beharra  agertu dute. "Zazpi euskaldun + erdaldun bat = zortzi erdaldun ekuazioarekin amaitu eta euskaraz bizi den herria nabarmentzea ekarriko duen praktika" hain zuzen ere.
Horretarako, norbanakoaren determinazioa ezinbestekotzat jotzen dute beti ere dimentsio kolektiboa kontuan hartuz. EHE-ren aburuz euskal komunitateak egin behar du euskaldun burujabe bizitzearen alde. 

Herritarrek Euskal Herrian Euskaraz-en web gunean eman diezaiokete atxikimendua manifestuari. 
Manifestazio egunean gainera, EHEren sortzaileetako bat izan zen Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi idazlea omenduko dute. Protesta arratsaldeko 17etatan abiatuko da  Donostiko Bulebarretik.

No hay comentarios: