2011/01/21

2.Langaia: (5-6 zereginak)

Aitortu beharra dago multimediak izugarri aberastu duela kazetarien jarduna, izan ere, informazioa helarazteko bideak biderkatu dira, kreatibitatera eta ez-ohikotasunera hurbiltzeko aukerak ugarituz Zentzu honetan erreportajea izan da genero irabazlea, jatorriz genero malgua izanik orain sormenari ateak parez pare irekitzen dizkion generoa baita. 



Gaur egungo erreportajeak  (sarean kontsumitu daitekeena) ezaugarri berriak ditu. Alde batetik hipertestualitateak ohiko erreportajegintzaren egitura hautsi du. Hierarkia informatiboak indarra galdu du, horren ordez erabiltzaileari (hartzailea erabiltzaile izatera pasatu da) informazioa bide desberdinetatik eta nahi duen momentuan eskuratzeko aukera ematen zaiolarik. Honen ondorioz, hipertestu egituran lehen mailan azaltzen den testua sinpleagoa izateko lizentzia du egiturak berak behar duen sakontasuna ematen diolako. Aldi berean, bigarren mailatik aurreragoko testuak egiterako orduan lehen mailan dauden piezak hartu behar dira kontuan, besteak beste informazioa ez errepikatzeko.  
Gaur egungo erreportajea gainera unitate komunikatibo ugariz osatua dago. Lehen ez bezala, egun produktu berdinean soinua, bideoa, infografia, testu idatzia eta musika aurki daitezke. Honen adibide dugu esaterako El Mundo egunkariak Haitin lurrikara gertatu zenean bere web gunean eskaini  zuen  erreportajea. Hamaika bideo, argazki galeria zabala, idatzizko testuak, infografiak,  eta laguntza emateko bideak biltzen ziren bertan.

Gainera eta aurretik aipatu bezala, erabiltzaileak protagonismo nabarmena bereganatu du, berari baitagokio informazioa nola, zein ordenetan, zein erritmotan, noiz, zenbat aldiz... jasoko duen hautatzea.Honez gain iritzia eman dezake, berrien sorkuntzan parte hartu, iradokizunak egin...  Produktu komunikatibo interaktiboen aroan bizi gara beraz. Egoera honek ahalik eta  mezu, testu zuzenenak eraiki beharra suposatzen du, kazetariak informazioa jasotzeko grina eragin behar du erabiltzaileengan alegia.
Argia.com atarian argitaratutako  Bernardo Atxagaren "7 etxe Frantzian" liburuaren inguruko erreportajean esaterako interakzio honetaz jabetu gaitezke, erreportajearen inguruan erabiltzaileek egindako iruzkinak baitaude.

Aditu askoren aburuz baina, oraindik asko dago egiteke sarearen baliabideen ustiatzeari dagokionez. Urrats garrantzitsuak eman badira ere,  kalitatearen mesederako lan gehiago egin daiteke.   Aztertutako adibideei helduz,   El Mundoren erreportajean esaterako, infografiak infografia hutsak dira, musika edo hitzik gabekoak. Nire ustez ahozko testua erantsiz eskaintza askoz ere aberatsagoa litzateke. Adibidez lurrikara bati aurre egiteko gai den eraikinaren ezaugarriak biltzen dituen infografia oso interesgarria da baina ahozko azalpen testu batek lagunduta  are interesgarriagoa litzateke.Argiako erreportajearen kasuan ere hainbat gabezia topatu ditut. Izan ere,bideo batek eta  idatzizko elkarrizketa soilik osatzen dute erreportajea. Argazkiak, liburuaren irudia eta salneurria jasotzen dituen irudia... Unitate komunikatibo gehiago sar zitezkeen erreportajea hobetzeko. 
Dena den,  eskaintza nagusiki horrelako izatea ulergarria da, orokorrean kazetarien lan baldintzak nahi eta beharko luketenak baino txarragoak direlako, beraz meritu nahikoa dute eguneroko lan samari aurre egiten.  

No hay comentarios: