2011/01/18

1. Langaia: Testua elementu bizia da ( 1.zeregina)

Post honen bitartez, erreportaje multimedia baten testuinguruan, ahozko testu bat sortzeko eman beharreko urratsak eta horien arabera hartu beharreko erabaki linguistiko- testualak identifikatzea dut xede.  Identifikazio prozesu honetan, ezer baino lehen honakoa hartu behar da kontuan: Genero zehatz bat  abiapuntu izanik, erreportajea alegia, baliabide linguistikoak hasieratik baldintzaturik daudela.  Beraz   erreportajeak baimentzen dituen errekurtso linguistikoak erabili ahalko dira, subjektibotasun edo kreatibitate handiagoz idatzi, esaldi deskriptibo gehiago erabili...  besteak beste.


Hasieratik mugaketa hau egon arren, ez dira gutxi hartu beharreko erabakiak. Lehenik eta behin erreportajea zein euskarritan argitaratuko den erabaki beharra dago oso desberdina baita bideo formatu baterako ala idazki digital baterako testua sortzea. Era honetan  produktuaren kotestua eraikiko da. Eraikuntza prozesu honetan besteak beste honako galderei eman beharko zaie erantzuna; testua testu nagusia da ala beste pieza baten osagarria?, zer nolako interaktibitatea eskainiko du testuak?, edukiak egituratzeko nodoez baliatuko naiz? hierarkikoki zein posizioetan  kokatuko da  pieza? zein luzera izango du  eta zenbateko harmonia lortzen du  inguruko elementuekin hipertestu egituran egokia izan dadin? ...

Bigarrenik erreportajearen gaia erabaki behar da eta gai  horren garapen egokia bermatzeko eman beharreko urratsak zerrendatu ( zer azaldu nahi dugun, norekin, non, nola...) Era honetan produktua sortzeko behar diren baliabide tekniko, informatibo eta humanoak zehaztuko dira gainera Gaiak terminologia berezitua erabili edo ez eskatuko du. Bestetik testuaren helburuaren arabera hizkera objektiboagoa, pertsuasiboagoa ala deskriptiboagoa erabiliko da.

Honez gain,  hartzaile potentzialen adina, gune geografikoa, maila sozio-ekonomikoa,  profil sozio-kulturala, gaitasun linguistikoa... oso kontutan hartu behar da.  Zentzu honetan hizkera serioa, formala ala informala, lagunartekoa erabiliko den erabaki behar d,   jerga erabilzeko bermea dagoen eta zer nolako euskara maila eta aldaera (batuera, euskalkiak...) erabiliko den erabaki...

Jakina da baina aldez aurretiko planifikazio  bikaina izan arren, erreportajea produzitzeko garaian hasierako asmoa, aurreikuspena... zeharo alda daitekeela, elkarrizketatu batek huts egin duelako, ezusteko egoera bat suertatu delako, hari batetik tiraka hasi eta  erreportajearen helburua aldatu delako... Beraz behin material guztia bildu denean sortuko den testuaren helburua birdefinitu beharra dago, baita erabaki linguistikoak birpasatu ere. 

Nire ustez azken puntu honetan dago gakoa. Izan ere, testuen sorkuntza prozesua amaigabea da, are gehiago gaur egun nagusi den multimedialtasunean. Izan ere, testua elementu bizia da, beraz etengabean alda daiteke eta aldatu behar du, egoera guztiei egokitzeko.

No hay comentarios: