2011/01/16

Arabako Mintza Eguna, Gasteizko kaleetan euskara nagusi!

Aste bat igaro da Arabako Mintza Eguna ospatu zenetik eta oraindik ere arabar askoren ahotan dago. Egun berezia, parte-hartzailea eta batez ere euskalduna izan zen. 

Araban 800 lagun baino gehiagok hartzen du parte Mintzalaguna egitasmoan, horietatik 560tik gora Gasteizen. Programa honek euskaraz egitera ohituak dauden euskaldunak ohitura ez dutenekin elkartzen ditu.  Harremana talde txikietan ematen da (6-7 pertsonetakoak). Taldekideak gutxienez astean behin biltzen dira gogokoena egiteko, kafe bat hartu, poteoan ibili, paseatu... baina hori bai, beti euskaraz. Honez gain, hilean behin  ekintza desberdinak burutzen dira ( mendi irteerak, tailerrak, hitzaldiak...) taldeen arteko elkar ezagutza bultzatzeko,   harreman sare euskalduna ehunduz..

 Ekintza horietako bat  aurten lehen aldiz ospatu den Arabako Mintza Eguna izan da hain zuzen ere.
Aurreskua eta bertsoen doinuek girotu zituzten  egunaren lehen orduak. Zerua oskarbi bazen ere salda beroa eta txorizoa beharrezkoak izan ziren goiz  hotzari aurre egiteko. 
  Hamaiketakoari "Atzo gaur eta bihar Gasteiz euskalduna" ibilbide gidatuak hartu zion lekukoa. Euskara eta Gasteiz ardatz izanik,   arlo desberdinetan (irakaskuntza, helduen alfabetatzea, kultura, herri mugimenduak...) Gasteizen euskararen alde egindako lana  birpasatu zen. Besteak beste, Frankoren garaian   abian jarritako Olabide ikastolaren hastapenak izan ziren hizpide. Hiriko lehen euskaltegiko, "Pinto" euskaltegiko, garaiak gogoratu ziren baita Gasteizek euskal kulturari eginidako ekarpen garrantzitsua ( Perez de Lazarraga, Hertzainak, Gorka Knör...) azaldu ere.

Entzumena findurik eztarriak berotzeko aukera ere egon zen, izan ere, Arabako hainbat kantuzale elkartek jaiarekin bat egin zuten euskal kantutegiari errepaso ederra emanik. Euskal Herrian Euskaraz kantuak jarri zituen pentagramaren lehen notak eta 200 eztarrik baino gehiagok doinua.
Ondoren herri bazkaria egon zen non mingainak  ederki asko askatu ziren. Bazkalosteko erromeriak  mintzalagun guztiak dantzan jarri zituen hozberena ere berotuz.

Euskara izan zen Mintza Eguneko lokarria, euskarak eta euskararekiko maitasunak piztu zuen garra eta euskarak mantendu zuen sortutako suaren indarra. 

 Mintza Egunean egondako guztientzat eta gero eta jende gehiagorentzat egunero Mintza Egunak direlako, GORA GU TA GUTARRAK!

No hay comentarios: