
Plaza berria, 1, heldu gara Bidaiatekara. Atea zabaldu eta eskuinetara biratzean liburutegi batean sartu garela ematen du. Dokumentazio anitza dago, baita esertzeko eta lasai lasai irakurtzeko mahai batzuk ere, 25 bat lagunentzako tokia gutxi gora behera.

Honez gain, karpeta monografikoak ere badaude. Euren azalen artean, Done Jakue, Zilarraren eta Cid-en ibilbideen inguruko informazioa, baita kirol/abentura ekintzena, atzerriko hizkuntza ikastaroena edo udako ikastaroen gaineko dokumentazioa gordetzen dute.
Bidai liburuak, gidak eta “National Geographic”, “Viajeros” edo “Euskal Herria” bezalako bidai aldizkariak ere Bidaiatekako elementuak dira.
Badakit nora joan, eta orain?
Behin argi edukita nora joan nahi dugun, toki horren inguruko nahi beste xehetasun lor dezakegu. Liburuxkak, programazioak, turismo eta aisialdi eskaintza bereziak, garraiobideen ordutegiak, nazioarteko aterpetxe-gidak... zerrenda luzea da. Gainera, deskontuak ahalbidetzen dituzten karnetak (nazioarteko aterpetxe-kideen nazioarteko agiria eta ikasle, irakasle eta gazteen nazioarteko agiria) egiteko lekua ere bada Bidaiateka.
Gainera nahi izatekotan, kontsultak egiteko bi ordenagailu daude eta bertan turismoarekin zerikusia duten web orrialdeez osatutako aurkibidea dago.

Norentzat da bidaiateka?
Bidaiateka batik bat 18 eta 30 urte bitarteko gazteentzako zerbitzua da; halere, aisialdia, oporrak eta bidaiak antolatu ohi dituzten herritar guztientzat ere eskaintza erakargarria da. Bidaiatekako arduradunen arabera “motxileroak dira Bidaiatekaren bezero nagusiak, abentura maite duten pertsonak".
Bidaiariekin elkarrekintza sustatuz
Dagoeneko bidaia prest dugu, beraz, bidaiatzera!! Eta bueltan Bidaiatekarekin jar gaitezke berriz ere harremanetan, baina ez informazioa eskuratzeko baizik eta lehiaketa batean parte hartzeko. Izan ere, interneten topatuko dugun txoko ibiltariaren bitartez, beste bidaiari batzuei laguntza emateko aukera dugu, leku interesgarriak gomendatuz, argazkiak erakutsiz... Gure esperientziak partekatzeagaitik zozketa batean sartuko gara, zeinean hainbat sari lor daitezkeen, besteak beste, liburuak, tren bidaiak edo argazki albumak.
Gainera, hainbat jendek oporretatik bueltan, bidaian eskuratutako gidak eta gainerako informazioa ekartzen du zerbitzuaren berritze eta hobetze etengabea ahalbidetuz.
Zoriontasunaren formularik ez dago, baina bidaiatuz, gozatuz eta esperientziak partekatuz, zoriontsu izatea ez da zaila!
ORDUTEGIA:
Astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara (ostiral arratsaldeetan itxita).
NON: Gazteen Argibideetarako Udal Bulegoan, Plaza berriko etxabeetan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario