2010/10/13

GASTEIZKO MINTZALAGUNA: Euskaldun sare gero eta zabalagoa

Mintzalaguna egitasmoko jarraipen batzordea
(GEU, AEK, IKA, Udaberria, 
Gasteizko Udala eta Arabako Foru Aldundia)
Laugarren ikasturtea da Gasteizko Mintzalaguna programa abian denetik. Mintzalagunaren helburua euskararen normalkuntzan eragitea da, aisialdian euskara praktikatzeko eta praktikatzen laguntzeko aukerak eskainiz. 
Horretarako 5-6 pertsonetako taldeak eratzen dira. Talde bakoitza hainbat Mintzalagun (euren ahozko euskara hobetu nahi dutenak) eta  Mintzalaguntzaile batez (euskaraz  jariotasunez hitz egiten dutenak)  osatuak daude.  
Taldekideak  gutxienez astean ordubetez elkartzen dira nahi dutena egiteko, poteatzeko, paseatzeko. mendira joateko... baina hori bai, beti euskaraz. 

Ez dago zalantzarik arrakasta handiko egitasmoa dela, izan ere, iaz 385 lagunek hartu zuten parte 58 taldetan banaturik. Gasteizko Mintzalagunaren perfila  emakume gaztearena  da, partaideen %73a emakumezkoak baitziren eta batezbesteko adian 38 urtekoa.



Gurasolaguna indartsu:


Aurtengo hobekuntzarik nabarienetakoa Gurasolaguna aldaera da. Gurasolaguna ikastetxe berean ikasten duten umeen gurasoei zuzendua dago, izan ere, gurasoek osatzen dituzte taldeak eta ikastetxean bertan edo inguruetan gelditzen dira euskaraz aritzeko.

Orain arte 3 ikastetxetan egon da abian eta aurten 11 ikastetxe gehiagok egin dute bat egitasmoarekin. Orotara Gasteizko 14 ikastetxetan egongo da abian Gurasolaguna egitasmoa. (Armentia, Olabide, Arantzabela, Toki Eder, Barrutia, Sagrado Corazón, Miguel de Unamuno, Ibaiondo, Zabalgana, Koldo Mitxelena,Ikasbidea, Odon Apraiz, Jesús Obrero eta Mendebaldea) Naroa Cuesta Mintzalaguneko teknikariak Gurasolagunaren nondik norakoak azaldu dizkigu. 

Gasteizen euskaldun sare zabal eta indartsua ehuntzen jarraitzeko Gasteizko Mintzalagunak hainbat ekintza osagarri antolatzen ditu ikasturtean zehar. Aurtengo lehen hitzordua azaroaren 4ean da, izan ere, orduan ospatuko da ikasturteko aurkezpen ekitaldia zehatz-mehatz arratsaldeko 20tan Goiuri jauregian. 

Honez gain, kirol jarduerak, ekintza kulturalak... anitzak izango dira eta aurten lehen aldiz Araba mailako Mintza Eguna ospatuko da. Urtarrilaren 15ean izango da Gasteizen. Gurasolagunei dagokienez, beraiei bereziki zuzendutako ekintzak ere egongo dira, seme-alabekin egin ahal izateko ekintzak alegia.

Izena ematea:

Izena emateko orria hemen

Izena emateko epea urriaren 14tik 31ra bitartekoa da. Izena emateko orriak Gasteizko euskategi eta Gizarte Etxe guztietan eta Hizkuntza eskolan egongo dira. 

Matrikula formalizatzeko orria bete, urteko kuota ordaindu (10 euro), ordainagiria orriari erantsi eta hartutako tokian utzi beharko da. 

Gurasolagunen kasuan prozedura bera da baina izena emateko orriak ikastetxean bertan egongo dira eta bete ostean ikastetxean ere utzi beharko dira.



Mintzalagunetik parte hartzeko deialdi berezia luzatzen diete  euskaraz mintzatzen ohituta dauden hiztunei,Mintzalaguntzaileei alegia, ezinbesteko giltzarri baitira euskararen erabilera hedatzeko.


No hay comentarios: