2010/10/11

SAHARA:Bizitza bezain mikatza, maitasuna bezain goxoa eta heriotza bezain leuna

Ausserd
Mundua bidegabekeriaz beterik dago. Estaturik gabeko nazioak,lurralderik gabeko herriak... ugariak dira,gehiegi akaso eta horien artean Mendebaldeko Sahara. Sahararrei estatua eta lurraldea bahitu zizkioten. Nortasuna aldiz bahitu ezina da eta herriak ez du sekula amorerik emango.

Haritz Arrizabalaga eta Karmele Berriozabalek ez dute  Mendebaldeko Saharako lurra ezagutzeko aukerarik izan. Bai ordea erbestean bizi den saharar herria.2009. urteko aste santuan izan ziren Tindufeko (Aljeria)  errefuxiatuen kanpamenduetan. Beste 70 gazterekin batera egin zuten bidaia.Guztiek Sahararen aldeko euskal plataforma bat abian jartzen ari dira bertako gazteriari begira kooperazio,komunikazio eta konpromiso bide berriak eraikitzeko helburuz.Horretarako,UJSARIOarekin elkar lanean ari dira,Fronte Polisarioaren (nazioa askatzeko mugimendua) gazteriarekin alegia.Ordutik euren ikuspegia zeharo aldatu da.“Drama horren protagonistek orain aurpegia dute,izen abizenak,telefonoz deitzen zaituzte... jakitea eta sentitzea gauza desberdinak dira” dio Haritzek.

Mendebaldeko Saharako gatazkak kolonialismoa du aitzindari.Europako inperialistek Afrika elkar banatu zutenean Espainiak okupatu zuen lurraldea.Ondoren,1975. urtean,Espainiak alde batera utzi eta Marokok inbaditu zuen martxa berdea bezala ezaguturikoan.Geroztik,saharar biztanleria zatiturik dago. “Banatzera behartuak izan ziren” argitzen du Karmelek. Kanpamenduetan 200.000 pertsona inguru bizi dira,Haritzen aburuz  “basamortu erdian  guztiz egituratutako gizartea” osatzen dutelarik. “Basamortuko handitasuna,edertasuna,lasaitasuna.isiltasuna,ilargi ikusgarria... pobrezia eta injustiziarekin elkar bizi dira” gaineratzen du.


Kanpamenduak wilaya-tan (probintziak) banaturik daude. El Aaiún, Smara, Dajla eta Ausserd dira euren izenak.Mendebaldeko Saharako hainbat hirien oroimenez deitzen dira horrela,sahararrek militar marokoarren indarkeriaren ondorioz atzean utzi behar izan zituzten hiriak.Oraindik ere,askok bertako etxeetako giltzak gorderik dauzkate,euren ateak berriz noiz irekiko zain.
Berbere jatorriko herri honek hassaniera du hizkuntz eta tearen erritualak girotzen ditu euren solasaldiak. “Jende irekia,maitekorra,eskuzabala, abegitsua... da. Bizi duten egoera sostengaezinaren gainetik  alaitasuna nabarmentzen da”.Haritzen esanek ezin hobeki deskribatzen dute sahararren izaera.
Balorez hornitutako gizarte bateko partaide dira,non familia eta adiskidetasuna diren nagusi. “Saharako barne produktu gordina pertsona da, kultura” azaltzen du Haritzek.
Ondasun materialen ezean hezkuntzan inbertitzen dute.Gazteek gogoz ikasten dute atzerrian goi mailako ikasketak burutu ahal izateko. Kanpamenduetara bueltatzean baina,ez dute lan egiteko aukerarik eta euren diplomak ondo gorde besterik ezin dezakete egin.Halere,euren herrialdera itzultzean behar den erabilera emango dietela jakin badakite.


Eguneroko lanak:ogia egitea
Land roverra hartu eta kanpamenduetatik hainbat ordutara, Mendebaldeko Sahara iparraldetik hegoaldera banatzen duen harresia dago. 80. hamarkadan eraikia,2.800 km-ko luzera du  eta 160.000 militar marokoarrek zaintzen dute.Babesa pertsonen kontrako minek,alanbre-hesiek, txakurrek eta tankeek osotzen dute. “Marokoko armadaren ehuneko altua harresian dago” gaineratzen du Karmelek. 24 urteko gazte honek ez du ulertzen munduak lotsaren harresi honen aurrean ezikusiarena egitea. “Nola izan gaitezke horren hipokritak?” galdetzen du.Ezjakintasuna eta axolagabetasunaz gain, Apartheid informatiboa gainditu behar dela uste du Haritzek.

Harresiaren bestaldean,mendebaldean,gobernu marokoarraren zapalkuntza pean  bizi dira martxa berdearen ondorioz alde egin ez zuten sahararrak.Karmelek eta Haritzek hango egoeraren berri bazuten ere, kanpamenduetan sakonkiago ezagutu zuten lurralde okupatuetako errealitate gordina. Atxiloketak,desagertzeak,torturak...Hitz bortitzenek ere lekua dute bertan gertatzen direnen zerrendan.Maroko giza eskubideak urratzearen, NBEko erresoluzioei paso egitearen,errepresioaren...errudun da, salatzen du Karmelek.

Haritz eta Karmele kanpamenduetan
Lurralde liberatuak harresiaren ekialdean daude Fronte Polisarioaren esku. 18 urte dira alauitar erresuma eta Fronte Polisarioak su-etena sinatu zutenetik.Dena den,nazioarteko komunitatearen erantzun ezaren aurrean, sahararrek ez dute gerra berri bat abiaraztearen ideia baztertu.“Modu batean edo bestean gatazka honek amaitu egin behar du,nazkaturik daude itxaroteaz” azaldu digu Karmelek.Kanpamenduetan arabiar atsotitz bati heltzen diote euren borrokarako sentimendua azaltzeko: askatasuna ez da ematen,hartu egin behar da. “Erabakia edozein izanda ere gu eurekin egongo gara” Haritzek argi dauka. “Izugarri inpresionatu ninduen ni baino lau urte gazteagoa zen mutil batek tanke gidari bezala jarduten zela jakiteak” gogoratzen du. “Ni ordea hurrengo astean fakultatera itzuli behar nintzen” gaineratzen du indargabe.

Gaur egun,sahararrak  duela 36 urte aldarrikatutako autodeterminazio erreferendumaren  zain  daude oraindik.Marokoren estrategia apelazioen bitartez kontsulta berandutzean datza, Mendebaldeko Saharako erroldan biztanle marokoarrak geroz eta gehiago izan daitezen. 
Interes ekonomiko eta politikoak giza eskubideen gainetik daude kasu honetan ere.



No hay comentarios: