2010/12/19

Diario de Noticias de Alava aztergai

Diario de Noticias de Alava, Araba mailako hedapena duen Noticias taldearen barneko egunkaria da  eta tokian tokiko informazioari ematen dio garrantzia batez ere. Egunkari gaztea izan arren, 6 urte ditu, Arabako bigarren egunkaririk irakurriena da.

Lau astetan banatutako zortzi egunetan,  zibermedio honek landutako edukiak aztertu ditut irizpide desberdinak kontutan harturik. Lehenik eta behin, generoa, gaia eta gune geografikoa bereiziz berrien identifikazioa egin dut. Ondoren, osagarri multimedia eta interaktiboak eta hipertestuaren eta memoria eta artxiboen erabileran oinarritu naiz. Kazetaritza diseinuari ere heldu diot. 



Hona hemen egindako analisiaren ondorio orokorrak:
·       Nagusiki, politika gaiak lantzen dituzte, %34a zehazki. Kirol eta gizarte gaiei ere garrantzia nabarmena ematen diete. Honen adierazle da Alaves, Baskonia eta Auzokideak izeneko atalak dituztela, non espresuki tokian tokiko kirol eta gizarte gaiak  lantzen dituzten. Edizio digitaleko lehen  postuetan kokatzen dituzten berriak batez ere politikoak dira.
·       DNAko irakurleak tokian tokiko berriez interesatzen dira batez ere. Hurbileko gertakizunak izanik ezagunagoak suertatzen zaizkie eta horrek gertakariarekiko inplikazioa areagotzen du. Kirol-zaleak  ere badira, berririk irakurrienak kirolaren ingurukoak baitira.
·       Irakurleen eskaria eta profila zer nolakoa den kontutan hartuta, DNAk lantzen dituen berrien % 74a tokian tokikoak dira. Gertutasuna islatzea dute xede egunkariko edukiak erabakitzerako orduan.
·        Albistea da gehien erabiltzen den generoa. Gizarte gaiak lantzeko kronika eta erreportajeak darabiltzate eta argudio testuetan politika da gairik mamituena. Nazioarteko informazioa ematerako orduan zeharkako elkarrizketa nagusitzen da. Adierazgarria da  zeharkako elkarrizketa elkarrizketa zuzena baino gehiago erabili izana,ez baita ohikoena.
·       DNAk multimedia-tasunaren aldeko apustua egin du, hobetu zezakeen arren. Multimediari espresuki txoko bat eskaintzen dio baina bertan argazkiak dira nagusi. Berri bakoitzean batez beste 1, 325 argazki dago. Argazkiak irakurlearen nahietara moldatu daitezke, tamaina handituz edo txikituz. Bideo eta infografia gutxi jartzen dituzte. Ez dute audiorik eskaintzen, berri jakin batzuetan ( diska berri bat, kontzertu baten… ingurukoak) errekurtso honek informazioa izugarri osotuko lukeen arren, ondorioz kalitatea handituz.
·       Arabar ezagunen blogak eskuragarri jartzen dituzte baina ez dute blog komunitaterik.
·       Hipertestuaren erabilera hutsaren hurrengokoa da, informazioaren sakontasuna  kasu guztietan lehen mailakoa delarik.  Testuek ez dute berrietan emandako informazioa zabaltzeko aukera eskaintzen duten estekarik, beraz ez dago egunkariko beste berrietara edo komunikabidetik kanpoko web orrialdeetara salto egiteko aukerarik. Paperezko edizioan eta edizio digitalean argitaratzen dituzten testuak ez dira ezertan desberdintzen, horrela, edizio digitalak suposatzen dituen abantailak alferrik galtzen dituztelarik.
·        “Erlazionatutako informazioa” aukera  ez dute behar bezala kudeatzen, gehiago ustia zezaketelako, horretarako lehengaiak egon badaudelako.
·       Dena den, berrien gai orokorrarekin ( politika, ekonomia..) erlazionatutako beste berrietara heltzeko erraztasuna ematen da eta hemeroteka zerbitzua dute.
·       Kirolen inguruko berriak beste kirol gaiekin erlazionatzerako garaian, Alaves eta Baskoniaren berriak izatekotan  espresuki nabarmentzen dituzte,  tokian tokiko kirolari ematen dioten garrantziaren adierazgarri.
·       Interaktibitatearen aldeko estrategi indartsua darabilte. Berri guztiak iruzkindu, bozkatu, bidali, partekatu, tamainaz aldatu eta inprimatzeko aukera ematen dute.
·       Irakurleen parte hartzea sustatzeko hainbat lehiaketa antolatzen dituzte eta noizean behin ikuskizun desberdinetarako sarrerak banatzen dituzte. Honen harira,, irakurleei  bereziki zuzendutako atalak dituzte, non galderak proposatzen dituzten, irakurlea kazetari izatera animatzen duten… baina ez dute arrakasta handirik. Inoiz inkestaren bat edo beste planteatzen dute baina oso gutxitan.
·       Sare sozialen aldeko apustua egin dute eta Facebook kontua dute non 485 jarraitzaile dituzten.
·       Foroa dute eta bertan kirol gaiek dute  lehentasuna. Edizio digitaleko edozein ataletik sar daiteke forora baina hainbat albisteetan zuzenean sartzeko aukera ematen dute berriko gaia foroan eztabaidatzen den gaietako bat delako. Horrelakoetan kirol gaiak dira beti.
·       Informazioa batez ere goizeko 6ak baino lehen argitaratzen dute eta behin argitaratu denean normalean ez dute aldaketarik egiten. 18etatik aurrera publikatzen den gehiena kirol eta politika gaiak dira.
·       Azken orduko informazio biltzen duen atala berezia dago baina ez da aktiboegia, informazioa ez da maiztasun handiz eguneratzen.
·       Itxura orokorraren kalterako, atal bat baino gehiago aspaldian eguneratu gabe dago, edertasuna azpiatala esaterako. Horrelakoetan hobe da atala desagerraraztea elikatu gabe izatea baino.
·       Diseinuari dagokionez orokorrean dinamikoa eta txukuna da. Atalak argi bereizita daude, koloreez baliatuz bestak beste eta eduki desberdinak erraz identifikatu eta bila daitezke.
·       Albisteak banaka hartuta diseinua nahasiagoa da, testua justifikatu gabe dago, paragrafoak luzeegiak dira… Ez dute irakurtzera gonbidatzen.

Analisia osorik hemen.

No hay comentarios: