2010/12/30

Euskal Herrian euskaraz hitz egin eta jolas… baita Miranda Ebron ere!

 Euskarak mugak gainditzen ditu, euskal komunitatea Euskal Herria baino askoz haratago doalarik.  Egungo errealitateak euskara munduko herrialde desberdin askotan irakatsi eta hitz egiten dela agertzen du eta ez dugu zertan Poloniarantz begiratu behar  adibide bat aurkitzeko. Izan ere, Bartzelona, Madril eta Miranda Ebroko Hizkuntza Eskoletan euskara ikasteko aukera dago. Azkenengoa barrutik ezagutu ahal izan dut,  ateak ireki nahi?

Jendeak uste duenaren kontra Miranda Ebroko Hizkuntza Eskolan ingelesaren atzetik euskara da eskaera handiena duen hizkuntza, frantsesa edo alemanaren aurretik. Arrakastak badu bere arrazoia, Albar Ravelli irakasleak azaltzen duenez, Araba hegoaldeko herriek Miranda hartzen baitute hiriburutzat, gertutasuna dela eta askok bertara doazelarik ikastera.  Gaineratzen duenez, garrantzitsua da oso Hizkuntza Eskolaren eskaintza, Añana eta inguruetan sailagoa baita euskarari heltzea.
Eskaria handia zen Miranda Ebroko udalak euskarazko irakaskuntza publikoa bultzatzen hasi zenean. Izugarri kostatu omen zitzaien udal agintariei Gaztela Lehoiko junta konbentzitzea baina azkenean lortu eta eurek beraiek topatu zituzten irakasleak duela bost urte. Horrela hain zuzen ere hasi zen Albar Mirandan lanean. “Irakasleak behar zirela zihoen iragarki bat irakurri nuen egunkarian, curriculuma bidali eta hara nondik deitzen didaten euskara irakasle lanetan hasteko!” gogoratzen du. Euskara saila martxan jarri zenean Gaztela Lehoiko Hizkuntza Eskolen biltzarraz oroitu da baita ere. “Presidentea euskara irakasleoi bostekoa ematera hurbildu zitzaigun eta guzti, exotikoak omen ginen!”

Hastapenetan bi irakasle:
Hutsetik hasi behar izan zuten. Bi irakasle zeuden orduan, Albar eta Jon eta eurek hartu zuten euskara saila guztiz antolatzearen ardura. Yolanda- hirugarren irakaslea- duela bi urte gehitu zitzaien. “Ni hasi nintzenerako dena osatuta zegoen, euskara departamentua ondo antolatuta, material nahikoa klasea emateko eta aurretiko esperientzia dagoeneko finkatuta” diosku.

Hiru ziklotan - oinarrizkoa, tartekoa eta goi mailakoa - banatutako sei maila egiteko aukera dago, ikasleak bigarren hizkuntza-eskakizuna lortzera hel daitezkeelarik. Ez dago azkeneko maila ( C.1) egiteko aukerarik. Hori dela eta, Gorka Ruiz de Azua bi urtez Mirandan egon ondoren, Gasteizen bukatu beharko ditu bere ikasketak bere atsekaberako. “Zoritxarrez Mirandan ez dute eskaintzen azken kurtso hau eta horregatik Mirandako Hizkuntza Eskolara astero joateari utzi nion” dio.
Hainbat esperientzia:
Gorka Gasteizko eskolan tokirik izan ez eta Mirandara joan behar izan zuenetariko bat da. Berea ohiko kasua da. Halere, Albarrek zerrendatu duenez, euskara ikasten hasten diren ikasleen arrazoiak oso bestelakoak dira, “batzuk Gasteizen lan egiten dutelako, besteak zaletasuna edo euskal lagunak direla eta euskara gertuko hizkuntza sentitzen dutelako, hainbatek jakin-mina dutelako eta gutxiengoa  Mirandar euskaldunak sentitzen direlako”. Sergio Revuelta gutxiengo horretan sartzen da.  “Euskara maitatzen dugunon esku dago bere erabilera indartzea” aipatu du Mirandar peto honek. “Orokorrean ikasle gehienek motibazio handia azaltzen dute eta hau izan zen gehien harritu ninduena” aitortu du Yolandak.
Denborarekin gainera helburuak alda daitezkeela agertu du Marta Saizek 5º mailako ikasleak, “hasieran lanerako beharrezkoa nuelako hasi nintzen eskolan baina denboraren poderioz konturatu naiz euskara ikastea ez dela soilik hizkuntza jakitea, baizik eta Euskal Herriko kultura eta bizimodua ezagutzeko bide ere”.

Bitxikeriak:
Kasu bitxiak ere izan badira, esaterako Athletic zalea zenez euskara azkar ikasiko zuela pentsatzen zuen mutil batena. Dena den, Albarrek argi utzi duenez, ikasle guztiak ez dute zertan euskaldun sentitu behar euskara ikasi nahi izateko. “Polita da euskaldun sentitzen ez diren euskal hiztunak ere lor daitezkeela ikustea” hausnartu du.

Irakasle zein ikasleek eskolako giro ona azpimarratzen dute. Ikasleen arteko harremanak hain dira bikainak non euren mintzalagun partikularra egiten duten. “Adiskideekin lau urte daramatzat ikasten, eta esan genezake lagunak garela, horregatik astero elkartzen gara pote batzuk hartzeko eta euskaraz bizitzeko!” kontatu digu Martak. “Gasteizera itzultzerakoan edota Mirandara joateko momentuan praktikan ipintzen genuen astero ikasitakoa” jarraitu du Gorkak. Sergiok bere ikasketa prozesuan lagun anitz egin ondoren,  eurekin pote batzuk hartzen zein internet bidez euskaraz mintzatzen dela gaineratu du.
“Gu aurrean ez egon arren euskaraz egiten dute” baieztatu du Albarrek pozik, jakin badakien arren Miranda euskalduntzetik urrun daudela. Yolandaren aburuz, klasetik kalera jauzi handia dago, “Mirandako zailtasunik handiena ingurunea erabat erdalduna dela da eta  klasetik kanpo zaila dute euskaraz egitea”.
Euskara kalean:
Horregatik, euskara eskolatik at bultzatzeko asmoz, urtero urtero  ekintza desberdinak antolatzen dituzte, hala nola, abenduaren 3an euskararen eguna ospatu, mendi irteerak, liburuaren egunean euskal idazleen bisita jaso...  “Ikasleei izugarri gustatzen zaien sagardotegi irteera bat ere ez da falta,  mozkortu behar dituzu lotsarik gabe hitz egiten has daitezen!” kontatu digu Albarrek barrezka, aurten Askartzara joango direla  aurreratuz. Aurreko guztia gutxi balitz, Euskal Herriko herri bat ezagutzeko asteburuko txangoa  prestatzen dute baita ere. “Zenbaitetan ikasleek euskaldunak lotsaraztea lortzen dute, askok euren buruari galdetzen baitiote, nola liteke Burgoseko batek nik baino euskara hobea izatea?” azaldu du.
Eta bihar?
Etorkizunera begira asko dago egiteke. Yolandak ikasle kopurua mantendu edo igotzea, gehiago treba daitezela lortzea eta beraien arteko harremanak indartzea du helburu. Albarrek bitartean, Mirandako hizkuntza-gaitasun agiria gainontzeko euskal titulazioen baliokidea izatea  premiazkoa ikusten du. Gainera, euskara irakasteko modu internazionalagoa topatzearen aldeko apustua egiten du, azaltzen duenez, euskal komunitatea Euskal Herria baino askoz zabalagoa baita, hona hemen froga!

No hay comentarios: