2011/01/12

Iparraldean euskara gaztetzen

Azken 15 urtetan euskarak goranzko bilakaera izan du Euskal Autonomia Erkidegoan.  Nafarroan bere horretan mantendu da eta Iparraldean behera egin du. Horrela jasotzen du Eusko Jaurlaritzak 2006. urtean argitaratutako  IV. inkesta soziolinguistikoak.

16-24 urte arteko gazteak  dira euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen dutenak batez ere (%23,5 EAEn eta %6,7 Nafarroan). Iparraldeko egoera oso bestelakoa da, izan ere,  euskara erdaraz beste erabiltzen duten gehienak 65 urtetik gorakoak dira (% 18,5). 

Datu hauetatik ondoriozta daitekeenez, euskararen egoera Iparraldean nahi baino ahulagoa da eta adineko pertsonen artean erabiltzen da batez ere, ez gazteen artean. Errealitatea hau kezkagarria da oso, izan ere, gaur egun gazteriak darabilen hizkuntza izango da etorkizuneko belaunaldien hizkuntza, beraz horrela jarraituz gero euskarak etorkizun iluna izan dezake. 


Iparraldeko egoerari buelta bat emateko alderdi anitz hartu behar da kontuan, tartean komunikabideak. Hedabideen bitartez euskararekiko jarrera positiboa lortzeko urratsak eman daitezke, ondorioz bere erabilera  bultzatuz. Horretarako baina, baliabideak behar dira eta kasu zehatz honetan gainera Iparraldeko euskara dakiten kazetariak. Gaur egun Iparraldean euskarazko irratigintzak arrakasta nabarmena du (euskal irratiak...) , prentsak eta telebistak ordea indar gutxiago dute. ETB 1-en Iparraldeko biztanleei bereziki zuzenduriko “Iparraldearen orena” saioa dago eta albistegietan Iparraldeko berriak eskaintzen dituzte tarteka. Bestetik Goenkale saioan aurten Iparraldeko euskara darabilen aktore bat hasi da lanean. Honez gain baina ezer gutxi gehiago dago. Nazio mailako euskarazko argitalpenetan ere oso gutxi idazten da  Iparraldeko euskaraz. Berrian esaterako Luzien Etxezaharretak igandetan bertako euskalkian idazten du. Gauza bera gertatzen da  euskarazko hedabideen web guneetan. 

Horrela, eta telebista edo idatzizko medio bat sortzeak dakarren gehiegizko gastua kontutan hartuta,  Iparraldeko gazteriari zuzendutako euskarazko Internet bidezko hedabideen  aldeko apustua egingo nuke. Izan ere,  gaur egungo gazteriak ondo baino hobeto daki Interneten mugitzen eta gero eta gazte gehiago on line informatzen da. Proposatzen dudan ziberkomunikabidean Iparraldeko euskalkian gazteei interesatzen zaizkien gaiak landu beharko lirateke, musika, aisia, kultura, kirolak, mendia, bertsoak… Iparraldekoen nortasuna indartuko lukeen web gune bat izan beharko litzateke, beti ere Euskal Herriko testuingurua errespetatuz baina Bidasoaren bestaldeko berezikeriak nabarmenduko lituzkeena. 

            Honez gain, ezin ahaztu Iparraldeko euskal hiztun potentzialak  ( 65 urtetik gorakoak). Euskararekiko duten jarrerari euts diezaioten eta ahalik eta jende gehiagorengana heltzeko helburuz, ohiko komunikabideetan ere aurretik aipatutako irizpideen alde egitea aukera polita litzateke, Iparraldeko euskalkia eta nortasuna bultzatzea alegia.

No hay comentarios: